Albisteak


GARAIPENA ETXEAN LOIOLA INDAUTXUREN AURKA

img

Primera Nazionaleko taldeak Bilboko Loiola Indautxuren bisita jaso zuen larunbat arratsaldean

Primera Nazionaleko taldeak Bilboko Loiola Indautxuren bisita jaso zuen larunbat arratsaldean denboraldiko bigarren jardunaldian.
Goierrik etxean jokatzen zuen aurreneko partida zen eta hori baliatu nahi zuen garaipena eskuratzeko. Aurrean talde indartsu bat zuen Tolosari irabazteko gai izan zena aste bete lehenago.
Hasieratik oso kontzentratuta atera zen Goierri. Bere erritmoa ondo ezarri zuen eta saskiratze asko lortu zituen kontraeraso eta blokeo zuzenen bidez. Horrela, lehenengo laurdena 23-18 bukatu zen etxekoen alde.
Bigarren laurdena, era berean hasi zen. Goierri erasoan baloia oso ondo mugitzen ari zen eta saskiratze errazak lortu zituzten. Gainera, defentsan ere hobetzen hasi zen eta 6.minutuan partidako abantaila handiena eskuratu zuen (38-24). Hala ere, Loiola Indautxuk ez zuen amore eman eta abantaila hori murriztea lortu zuen atsedenaldira iritsi baino lehenago (41-32).
Lan oso txukuna egiten ari zen etxeko taldea baina oraindik asko falta zen partida amaitzeko. Eta hasiera ez zen batere ona izan. Goierrik lehen zatian erasoan izandako txispa galdu zuen eta bilbotarrek hori aprobetxatu zuten markagailuari buelta eman eta hirugarren laurdena aurretik amaitzeko (53-54).
Azken laurdenean, Goierrik aurrerapauso bat eman zuen defentsan eta kanpokoek ezin izan zuten saskiratzerik lortu aurreneko 5 minututan zehar. Hori dela eta, markagailua 67-60 zen bukatzeko 3 minutu falta zirenean. Orduan, aurreko astean bezala, ez zuten ondo jakin alde hori kudeatzen eta Loiola Indautxu puntu batera hurbildu zen 40 segundu falta zirenean. Goierrik huts egin zuen erasoan eta bilbotarrek jaurtiketa eduki zuten partida irabazteko baina zorionez baloia ez zen sartu eta garaipena etxean geratu zen. Azken emaitza: Goierri 69 – Loiola Indautxu 68.
Garaipen garrantzitsua sailkapenean postu batzuk gora egiteko.
Hurrengo larunbatean, hilak 21, berriro Aldirin jokatuko du Getxoren aurka arratsaldeko 18.00tatik aurrera. Etor zaitezte animatzera! Aupa Goierri!