Albisteak
Goierri Verkol taldeak mailaz igotzea lortu du asteburuan Durangon
Nazionaleko 1. Mailan jokatuko du hurrengo denboraldian; gelditzen diren hiru partidetan lidertza eskuratu nahi dute
Asteburuko Liga partida oso garrantzitsua izan da Goierri Verkol saskibaloi taldearentzat, garaipenak automatikoki Lehen Maila Nazionalean kokatu duelako. Durangoko Tabirako taldearen kontra irabazi du Verkolek (52-82).
Goierrikoak Durangora beste taldeen emaitzak jakin gabe abiatu ziren. «Irabaztea lortzen bagenuen, jakin bagenekien mailaz igoko ginela, eta hori nahikoa genuen», dio Xabier Chico entrenatzaileak.
Lehenengo laurdenean saskibaloi talde urretxuarrak indarrez eutsi zion defentsari, eta Tabirakori ez zion erasorako aukera gehiegirik eman. Horrela, 4 eta 25eko partzialarekin lehenengo laurdenean alde jarri zuten markagailua.
Joko onari eutsi eta saskiratzeetan arrisku handirik hartu gabe, Goierrikoek markagailuan abantaila oparoa atera zuten. Partzialak hobetuz joan ziren eta bi taldeen arteko aldea handitzen.
Hirugarren laurdenaren bukaeran Goierrik 31 puntuko abantaila ateratzen zion Durangoko taldeari, eta igoera eskuartean zuen ordurako.
Aldea hazi ahala urretxuarrak partidaz gozatu zutela aitortu dute. Azkenean 30 puntuko aldearekin bukatu zen neurketa. «Partidak jokalari guztiak kantxara ateratzeko aukera eman zigun, denek, beraz, garaipenaz gozatu ahal izan zuten», dio Chicok.
Jokalariez gain, ordea, Durangora berrogeita hamar bat urretxuar joan ziren partida ikusi eta taldea animatzeko. «Zaletuek asko gozatu zuten, eta taldekideok euren presentzia eskertzen dugu. Eskertzekoa da, baita ere, denboraldi guztian Goierriko junior taldeko jokalarien elkarlana».
Garaipenaren ondorena
Durangotik etorri ondoren Urretxuko eta Zumarragako udaletxeetan hartu zituzten udal bakoitzeko ordezkariek. «Iaz irabazi eta maila igoera esku artean izan genuenean zirrara handia sentitu genuen; eta azkenean ez ginen igo. Aurten zirrara beste modu batera sentitu dugu, lasaiago. Eta oraingoan bai, igoko gara».
Denboraldia amaitzeko, ordea, oraindik hiru partida gelditzen zaizkio jokatzeko Goierri Verkoli. «Argi izan behar dugu denboraldia ez dela oraindik bukatu, eta gogor egin behar dugu lidertza lortzeko, hori baita gure helburua», borobildu du Xabier Chico entrenatzaileak.
Iaz behar zuen igoera
Goierri Verkol taldea iaz ere sailkatu zen Nazionaleko 1. Mailara igotzeko, baina federazioak zenbait berrantolaketa egin zituen, eta sailkatutako sei talde ez ziren igo, tartean Urretxukoa.
Iaz, denboraldiko azken partidan sailkatzea lortu zuen Goierrik, Bilboko Mikeldi taldeari irabazi eta gero. «Aurten igoera lortu dugu denboraldia bukatzeko hiru partida falta direnean. Horrekin argi geratu da iaz mailaz igotzea merezi genuela», baieztatu du Xabier Chico entrenatzaileak.