Albisteak
Kalean uso, etxean otso
AYMA-Goierri garaile berriro ere Aldiri Arenan, 57-48
Partidurik jokatu gabe bi aste pasa eta gero, kadeteek gogoz ekin zioten larunbat goizeko lehiari Tolosatik etorritako Aurrera TAKEkoen aurka. Lehendabiziz Aldiriko kantxa zentralean jokatu zuten gaztetxoek, baina zorionez honek ez zituen inola ere kikildu eta lehen laurdenean erakutsi zuten zer nolako joko maila garatu dezaketen kontzentrazio eta intentsitate zuzen bat mantenduz gero, 16-7 etxekoen alde lehen 10 minutuen ondoren.
Zoritxarrez hurrengo hiru laurdenetan ez genuen joko maila berdina mantentzerik izan, baloi tontoegiak galtzen jarraitzen dugu, errebotea behar bezala itxi gabe eta zutik, hankak flexionatu gabe ezin dela defenditu oraindik ez dugu erabat ulertu dirudienez. Aipatu beharra dago ere Tolosarrek kanpoko jaurtiketetan erakutsi zuten trebetasuna, orain arte jokatu dugun areriorik arriskutsuena izan zen dudarik gabe arlo honetan eta honi esker mantendu ziren partiduan bizirik bukaerara arte, zona barruan Urretxuarren nagusitasuna nabaria baitzen.
Mutrikun galdu ostean jaso genuen kolpea ahaztua dirudi dagoeneko, baina han gertatutakoa lezio garrantzitsu bat izan beharko luke denontzat, bai jokalari eta bai prestatzaileentzat. Goizeko 9etan jokatzea ez da aitzakia, partiduak ez dira jokatu aurretik irabazten eta klasifikazioan aurretik egoteak ez du ezertarako balio kantxan hobeak garela erakusteko gai ez bagara.
AYMA-Goierri 57 (16+13+16+12)
Aurrera TAKE 48 (7+12+15+14)
Urtea amaitzeko Tolosako Bide Bide TAKE (3 talde kadete dituzte Tolosan, lan itzela, gerora begira ziur fruituak emango dizkiena) izango dugu bisitari Aldirin, igandean 12:15etan.
Azken lerro hauek Joseba Salegi, Jon Maleta eta Luca Lasa zoriontzeko erabili nahiko genituzke. Lehenak infantila izanik kadeteekin debutatu zuelako orain dela bi aste, eta beste biak jubenileekin izan zirelako Donostian larunbat arratsaldean Easo boteretsuaren aurkako partiduan, zorionak eta segi lanean mutilak!!