Albisteak


URTE HASIERA BIKAINA

img

Denboraldiko 11. jardunaldian, Primera Nazionaleko taldeak Hernani Tecnunen bisita jaso zuen Aldiri polikiroldegian.

Denboraldiko 11. jardunaldian, Primera Nazionaleko taldeak Hernani
Tecnunen bisita jaso zuen Aldiri polikiroldegian.

Urte berriko lehenengo partidua jolastu zuen larunbat arratsaldean
Goierrik, sailkapenean lehenengo postuan den Hernani Tecnunen aurka. Aldez
aurretik, etxeko taldeak bazekien partidu gogorra zuela aurrean, alde batetik,
aurkariek zuten mailaz jakitun baitziren; eta, bestetik, taldeko burua den
Xabik, gripeak jota, ezin izan baitzuen partidura azaldu.

Hasieran, hotz atera ziren bi taldeak kantxara, kostata iritsi zirelarik
lehen saskiratzeak. Lehen bost minutuak igarota, beste ezusteko bat pairatu
zuen etxeko taldeak, Aitorrek bihurritua izan baitzuen orkatilan eta ezin izan
zuen gehiago jolastu. Markagailuan txandakatzeak eta defentsa gogorrak medio,
13-14 bukatu zen lehenengo laurdena kanpokoen alde.

 

Bigarren laurdenean, ordea, aurrerapauso bat eman zuen etxeko taldeak
defentsa gogorren bidez eta kontraeraso azkarrez baliatuz, 9-2ko partziala
lortuz. Aurkariak defentsa indartzen hasi ziren heinean, markagailua berdintzen
joan zen, hala ere, atsedenaldira 35-30 irabazten joan zen etxeko taldea,
Iñakiren hiruko batekin.

Atsedenaldiaren ondoren, kanpoko taldea izan zen erritmoa ezarri zuena,
eta hori baliatu zuten markagailuan berriro ere goitik jartzeko. Goierri
taldeak bigarren laurdeneko “txispa” hori galdu zuen, dena dela, hiruko batzuk
tarteko, markagailua berdintzea lortu zuen, 49-49 bukatuz.

Azken laurdenera ezin zen berdintasun handiagorekin iritsi, eta horrela
izan zen partidura amaiera arte. Defentsak izugarri indartu zituzten bi taldeek
partiduaren bukaera honetan, eta 59-58 zen markagailua 4 minutu faltan. Etxeko
taldeak, hiru saskiratze jarraian sartu ondoren, oso gertu ikusten zuen
garaipena, baina Tecnunek ez zuen amore eman, eta puntu bakar batera ipini
ziren 30 segundo faltan. Goierrik hutsartea eskatu eta gero, Iñakik bere gain
hartu zuen erantzukizuna, eta sartzeko oso gertu egon zen arren, huts egin
zuen, baina hortxe zegoen Ander “txeke” errebotearen zain, eta “palmeo” baten
bidez hiru puntuko errenta eman zion etxeko taldeari. Aurkariek ez zuten asmatu
hurrengo jokaldian, eta, Iñakik oraingoan garaipena ziurtatu zuen jaurtiketa
libreko marratik. Azken emaitza: Goierri 68-64 Hernani Tecnun.

 

Meritu handiko garaipena izan zen Goierrik lortutakoa, gertatutako
ezustekoak eta aurrean zuten taldea kontuan hartuta, izugarrizko lana burutu
baitzuen,  entrenamenduetako lan
gogorraren eta jokalari guztiek norabide berean arraun egiten duten seinale.

Bukatzeko, aipatzekoa Jon Josue kapitainak burutu zuen lana, lesionatuta
egonda, taldea oso ondo antolatu baitzuen entrenatzaile gisa Xabiri ordezkatzen
ari zelarik.

 

Hurrengo partidua Goierrik kanpoan jokatuko du, azken postuan dagoen
Valle de Egues talde Iruñarraren aurka. AUPA GOIERRI!