Noticias


Goierri Verkol saskibaloi taldea, berriro amets egitera

Goierrik denboraldi honetarako saskibaloi taldeak aurkeztu ditu

Junior mailan nesken taldea osatu da eta inoiz baino gaztetxo gehiagok eman dute izena saskibaloian jokatzeko Goierri Kirol Elkarteak hastear dagoen denboraldian saskibaloian jokatuko duten taldeak aurkeztu ditu asteburuan. Ostiralean, zortzietan, Arrasateren kontra lagun arteko partida jokatuko du Goierri Verkolek Aldirin. Aurten erkidego arteko maila lehiatuko da.

Liga irailaren 30ean hasiko dute Laudion. «Gure helburua Nazional mailara igotzea da. Izan ere, aurreko denboraldian igo ginen, baina beste talde bat jaitsi zenez, gu mailaz jaitsi ginen. Horregatik, aurtengo erronka maila berreskuratzea da» dio Verkoleko entrenatzaile Xabier Chicok.

Nahiz eta iaz jokatu zuten jokalari denek jarraituko duten, aurten berritasun bat ere badakar Goierri Verkol taldeak: Juanma Rivela jokalari beasaindarrak ere Urretxuko taldean jokatuko du. «Gure taldean lagun bat zuen eta horregatik animatu da gurekin jokatzera».

Hamasei talde lehiatuko dira autonomia arteko Ligan, 30 partidatara. «Ez genekien taldeko beterano guztiek jarraituko ote zuten, eta azkenean bai, jarraituko dute. Lan handia egiten dute taldearen alde».

Chicok dioen arabera, oso nabarmena izan da gaztetxoen eta gazteen artean saskibaloiak ikasturte honetan piztu duen interesa. «Agian Espainiako taldeak Munduko Kopa irabazi eta gero saskibaloiari erreparatu diote gehiago. Horrelakoak gertatzen dira».

Gizonezkoen bi talde osatu dira junior mailan, talde bat kadeteetan, infantiletan ere taldea egongo da, alebinek hasi dituzte euren entrenamenduak eta nesken junior talde bat ere osatu da aspaldiko partez. «Gainera, jaso ditugu saskibaloi eskola bat sortzeko eskakizunak; hamar urtetik gorako gaztetxoentzako litzateke. Askotan gauzak ahal ditugun moduan egiten ditugula iruditzen zaigu; aurtengo arrakastak gauzak ondo egiten ditugula ere adierazten digu».

- azala060920.pdf