Noticias
Goierrik irrist, baina lider
Ametsarekin aurrera darrai Goierri Verkolek.Calahorran galdu arren lidertzan segitzen du.
Denboraldiko laugarren partida galdu du Calahorrako infernuan (88-84)
Mailaz igotzeko helburuari tinko eusten dio Autonomia mailako Goierri Verkol saskibaloi taldeak, asteburuan Errioxan Calahorraren aurka galdu arren (88-83). Arerioaren garaipenari balioa kendu gabe, kantxan bizi izan duten giroarekin haserretuta itzuli dira urretxuarrak, zaletu errioxarren irainen eta errespetu faltaren erruz, eta klubaren trikimailuengatik partidaren ordutegia gora-behera.
Lesioek ere eragozpena ekarri diote taldeari aurreko astean. Alain eta Anzizar min hartuta taldetik kanpo geratu baziren, partidan Xabi Sudupek utzi behar izan zuen jokoa. Hurrengo bi jardunaldietan baja izango dira, baina Aste Santu ondorenetik Liga bukatu arte (bederatzi partida geratzen dira) jokatzeko moduan izango ditu Xabi Chico entrenatzaileak.
Calahorrako norgehiagokan hirukoekin hartu zuten minik handiena Goierrikoek. Aurkariak 24 segundoak ahitu eta etekina ateratzen baitzuten; bederatzi hiruko sartu zituen Calahorrak. Lehen bi laurden parekatuen ondotik, hirugarrenean atera zuten errioxarrek alde handiena (Goierrik 18+18+20+27; Calahorrak 18+20+25+25).
Goierrik, neurketa bukatzeko 20 segundoren faltan markagailua berdintzeko aukera izan zuen, 86-83rekin; hiruko jaurtiketa huts egin eta alderatzean bi puntuko batekin borobildu zuten aurkariek.
Lehenengo Nazional mailara igotzeko aukera, ordea, bere horretan du Goierrik. «Etxekoak irabazita nahiko litzateke hasiera batean, baina hori ezin dugu pentsatu», dio Chicok. Tolosa, Laudio eta La Salle jotzen ditu zuzeneko igoerako hiru postuetarako talderik gogorrenak, baina lidertzan diraute urretxuarrek, aldeko faktore izanez.
Autonomikoko talderik osotuena du Verkolek, eta berriz ere Lehen Nazionalera igotzeko bide onean dago.