Noticias
Porrot mingarria etxean - www.takesb.com
Tolosarrek ezin izan zuten Vicente Otero-ren omenaldia behar bezala borobildu eta aurkari zuzen batean aurrean porrot gogorra jaso zuten (79-84). Azken bost partidetan beste itxura bat eman beharko da.
Seniorra (4/13/2008).- Egun aproposa zen larunbat arratsaldea gauza guztiak borobil irteteko. Batetik, juniorrek hil ala biziko partida jokatu zuten Urola Garaiko Lanbide Eskola-koen aurka eta garaipen bikaina lortu eta gero, lehen mailan izango dira datorren denboraldian. ZORIONAK!
Hauek amaitu ostean, eta seniorren norgehiagoka hasterako, bere bizitza guztian egindako lanagatik omenaldi xume bat egin zitzaion Vicente Otero-ri. Egun honen oroigarri, klubaren logoa zuen giltzatako bat oparitu zion Koldo “Jofresa” Arsuaga klubeko lehendakariak. Ondoren, pasa den denboraldia arte bere agindupean izan ziren juniorrek kamiseta bat oparitu zioten, non taldekide guztien sinadurak agertzen ziren. Azkenik, Juan Mari Lasa zuzendaritzako kideak klubeko kamiseta oparitu zion. Opariekin amaitu ostean, eta bere epaile garaiak gogora ekarriz, partida hasierako baloia jokoan jarri zuen gerturatu ziren ikusleen txalo artean.
Horrela hasi zen norgehiagoka. Tolosarrak Vicente-ren omenaldia borobiltzeko garaipen baten bila eta aldi berean, sailkapenean lasaitasuna emango zien emaitza baten bila. Ez zen horrela izan, ordea.
Partida hasiera nahiko parekatua izan zen. Tolosarrak aurretik jarri ziren markagailuan, baina goierritarren kontraeraso azkarrek markagailuan parean jartzea ekarri zuten, laurdenaren amaierara kanpotarrak bi puntuko aldearekin joatera iritsiz (21-23).
Bigarren eta hirugarren laurdenak antzekoak izan ziren. Kanpotarrek asko asmatu zuten hiruko marraren atzetik eta erasoan azkar jokatuz (bai kontraeraso bidez eta baita eraso estatikoan gauzak erraz eginez) aldeak zabaltzen hasi ziren, atsedenaldian zortzi puntuko aldea lortuz (33-41) eta hirugarren laurdenaren amaieran hamabostekoa (54-69). Etxekoek antzu jarraitzen zuten kanpotarren erasoko festa eta modu berean erantzuten saiatu ziren. Hauen portzentaia, ordea, ez zen hain ona izan eta honek ekarri zuen aldeak horrenbeste zabaltzea.
Azken laurdenean hil ala bizi atera ziren urdinak. Hamabost puntuko aldea ez zen onargarria, partida galtzea ekarriko zuelako eta baita itzulerako partidarako basketaverage-a ere arriskuan jartzen zituelako. Honetaz konturatuta, aldea nola edo hala jaitsi beharra zegoen eta hori behintzat lortu zen, azkenean bost puntura gerturatuta (79-84).
Espero ez zen emaitza honek gauzak asko zailduko dizkio taldeari maila mantentzeko helburuan. Bigarren itzulia osatuko duten azken bost partidetan sartuta denak izango dira finalak eta hori buruan dutela irten beharko dute, bai astebarruko entrenamenduetara eta baita partidetara ere. Bost final hauetako lehena Donostian jokatuko dute datorren larunbatean arratsaldeko 17:00-etatik aurrera. Donostiarrak ere garaipen gosez izango dira eta ez da partida erraza izango. Ea azkenaldian ihesi dabilen zortea lagun duten tolosarrek eta pasa den asteko porrota anekdota hutsean geratzen den.
Partzialak: 21-23, 33-41, 54-69, 79-84.
Tolosa Aralar Kirolak (21+12+21+25): Kike (11), Goar (30), Fernando (10), Haritz (0), Zubeldia (5) - hasierako bostekoa - Iñigo (3), Alberto (0), Eneko (3), Gonzi (2), Ion (6) eta Kaiet (8).
Goierri Verkol (23+18+28+15): De Miguel (33), Lekuona (15), Zubeldia (11), Linazasoro (4), Galparsoro (0) - hasierako bostekoa - Barquero (4), Pascual (8), Gómez (2) eta Antzizar (7).