Albisteak


Goierri Verkol taldeak maila berean segiko du

Omenaldia egingo diete ekainaren 7an 1969. urtetik saskibaloia bultzatzeko lanean aritu diren hiru pertsonari.

Goierri Verkolek Padura taldearen kontra irabazi egin du asteburuan (92-87), eta garaipen horri esker Nazionaleko Lehenengo Mailari eutsiko dio datorren denboraldian ere.

Padurak Goierri Verkoleko jokalariek baino hobeto hasi zuten partida, erasoan finago ibili ziren eta abantaila ere lortu zuten markagailuan. Hirugarren laurdenean, ordea, Goierrik partida bere egin zuen.

Hala eta guztiz ere, Padurakoak gogor aritu ziren, eta partidaren azken hamar minutuak «zoratzeko modukoak» izan zirela aitortu du Goierriren entrenatzaile Xabier Chicok. Azkenean Goierrik irabazi egin zuen, eta orain arte lortutako emaitzei batuta, maila mantentzea lortu dute.

Ekainaren 7an omenaldia

Goierriko saskibaloi saila omenaldi bat antolatzen ari da. 1969. urtetik Urretxun eta Zumarragan saskibaloia sustatzeko lanean aritu diren hiru laguni esker ona agertuko die elkarteak. Balentin Berriotxoa, Paco de Miguel eta Anton Rodrigez izango dira, hain zuzen, omenduak.

Omenaldia ekainaren 7an izango da, eta aurreratu dutenez egun horretarako «saskibaloi partida berezia» antolatzen ari dira.