Noticias
XABIER CHICO - GOIERRI VERKOLEN ENTRENATZAILEA
«Ez da erraza saskibaloian sartzea, baina irtetea ere ez»
Urretxu - MIRIAM LUKI
Ekainaren 7an omenaldia egingo diete saskibaloi sailean urtetan lan egin duten hiru kideri, Real Madrileko beteranoen taldeak Goierri Verkolekin partida jokatuko du.
Xabier Chicok (Urretxu, 1969) hogeita bost urte daramatza Goierri klubaren saskibaloi sailean, lehenengo jokalari gisa eta ondoren maila desberdinetako taldeen entrenatzaile. Azken urteotan senior mailako taldea entrenatu du.
Zer du saskibaloiak hogeita bost urtez mundu horretan lanean jarduteko?
Ez dakit. Futbolak ez ninduen inoiz ere erakarri. Lehenengo ikastolan hasi nintzen jokatzen, orduan Josu Perez izan nuen entrenatzaile eta gero zuzenean hasi nintzen Goierrin. Ez da erraza mundu horretan sartzea, baina orain jakin badakit ateratzea ere ez dela erraza.
Zergatik?
Gero eta eskari gehiago daukagu. Duela bi urte lau talde genituen, aurten bederatzi izan ditugu eta datorren denboraldian hamabi talde osatzeko moduan izango gara. Nesken taldeak ere gero eta gehiago dira, aurten hiru izan ditugu eta datorrenean bost talde edukiko ditugu. Garapena oso handia izan da, kontuan izanda talde bakoitzean hamabi lagun daudela.
Hazkunde hori zergatik gertatu dela uste duzu?
Gero eta gaztetxo gehiago dagoela argi dago, baina entrenatzaileak ez dira modu berean gehitzen eta horregatik diot zaila dela mundu honetatik ateratzea. Eskariaren hazkundea ikusita, Goierriko saskibaloi saila kudeatzeko laguntza eskatu behar izan genuen, eta jokalarien gurasoak kudeaketan parte hartzen hasi dira. Horrela entrenatzaileek entrenamendu lanak egiten dituzte soilik, eta kudeaketa gurasoen esku dago. Datorren denboraldian guraso gehiago sartuko dira.
Nola joan da oro har denboraldia?
Lau urtez talde berarekin jokatu dugu Goierri Verkolen. Gaztetxoen aldetik eskaria zeharo handitu bada ere, badago adin tarte bat hutsune bat dagoena. Izan ere, hogeita bat urtetik hogeita hamaika urte bitarteko jokalariak ditugu senior mailan.
Hiru jokalarik taldea utzi dute denboraldiko azken partidan, ezta?
Bai, Jokin Zubeldiak, Jon Lekuonak eta Gurutz Galfarsorok.
Maila mantentzea lortu duzue.
Bai, ez da denboraldi erraza izan. Lehia handia izan da, federaziotik Lehenengo Maila Nazionalean jokatzen duten taldeen zenbatekoa murriztu nahi izan dutelako. Nolanahi ere, hogeita zortzi partidatatik hamabi irabazi ditugu eta galdu ditugunen artean zazpi partidatan hamar puntuko aldea besterik ez digute atera. Denboraldia ona izan da. Lehenengo aldiz aurten lortu dugu maila mantentzea.
Datorren denboraldian jarraituko al duzu Goierri Verkoleko entrenatzaile gisa?
Orain arte, maiatzean galdera hori bera egiten zidatenean, beti utziko nuela erantzuten nuen. Orain badakit ez dudala utziko, baina senior taldea utzi eta agian junior mailako taldea entrenatuko dut datorren urtean. Kasu horretan Jon Gastonek hartuko luke senior taldearen ardura.
Hiru jokalarik taldea utzi dutela kontuan hartuta, jokalari berriak sartu beharko dituzue.
Junior mailako jokalariak senior taldera igoko ditugu. Gazteen taldea osatuko dugu, baina oinarrian eskarmentua duten jokalariak utzita. Datorren urtean zaharrenak hogeita sei urte izango ditu, baina gurekin lau urte hauetan jokatu duten hogeita hiru urteko jokalariak ditugu.
Ekainerako omenaldi berezi bat prestatzen ari zarete.
Bai, Goierriko saskibaloi saileko zuzendaritza batzordean gurasoak sartu zirenean taldeen historia kontatu genien, eta norbaitek lanean 1969. urtetik aritu diren hiru lagunei omenaldi bat egiteko proposamena ekarri zuen. Balentin Berriotxoa, oraindik ere entrenatzaile lanetan dabil; Paco de Miguel, duela lau urte utzi zuen; eta Anton Rodrigez, betidanik lotura handia izan du saskibaloi sailarekin, omenduko ditugu.
Nolakoa izango da omenaldia?
Real Madrilen beteranoen talde batek horrelakoetan parte hartzen duela jakin genuen, eta Arcelor Mittal enpresa babesle izateko prest agertu zenez, Goierri Verkolek Real Madrileko beterano taldearen kontra jokatuko du ekainaren 7an. Madrileko taldearekin Romay, Biriukov eta Corbalan etorriko dira, besteak beste. Partidaren ondoren elkarrekin afalduko dugu Urretxuko elkarte batean. Sarrerak bost euroan salduko ditugu, eta bostehun lagunentzako tokia izango da Aldirin.