Albisteak
4 EGUN GERATZEN DIRA...
Urretxu-ko Goierrin saskibaloiaren alde lanean urtetan aritu diren Balentin Berriotxoa, Paco de Miguel eta Anton Rodrigez omenduko dituzte larunbatean, partida berezia jokatuz.
Aurreko igandean Bidea Eginez elkarteak burututako Boluntarioen Egunean talde guztien ahotan zera zebilen: «Boluntarioen aroa amaitu da». Dagoeneko ez dago musutruk lan egiteko prest dagoen jende asko. Balentin Berriotxoa, Paco de Miguel eta Anton Rodrigez aurreko arotik datoz. Hirurek 1969. urtetik gutxienez Urretxun eta Zumarragan saskibaloia gara zedin buru-belarri egin dute lan, Goierri elkartetik. Guztia kirolak sortzen dien zirrararen truke bakarrik.
Larunbatean Aldirin zazpiehun bat ikusle bilduko dituela aurrikusten du Goierriko saskibaloi saileko kide Xabier Chicok. Goierri Verkol etxeko taldea Real Madrileko beteranoen kontra lehiatuko da. Urretxun izango dira Biriukov, Corbalan edo Brabender entzutetsuak, besteak beste. Oraindik Lopez Iturriaga eta Romay etor daitezen «negoziatzen» ari dira.
Sarrerak eskuratzeko modua badago oraindik. Goierrin, Huts tabernan eta Urretxuko nahiz zumarragako kiroldegietan daude salgai, bost euroan.
«Emiliano ere badator, goizetik etorriko da larunbateko azoka ikusteko. Di Stefano futbolean izan zen adina da Emiliano saskibaloian, eta ohorea da guretzat hura ere etortzea» jarraitu du Chicok.
Goierri elkartean boluntarioen eskasia zuzendaritzan baino entrenatzailetan nabariagoa da. «Orain gurasoak hasi dira lanean, eta kirol-lana errazten du horrek».
Historiaren kontakizunetik
Chicok aipatu duenez, gurasoei taldearen historia kontatzean sortu zen omenaldia egiteko ideia. Ondoren, sorpresak. Hiru omenduak bat datoz: guztientzat sorpresa izan zen omenaldiarena, eta eguna gerturatuz doan heinean «gero eta urduriago» dagoela dio Balentin Berriotxoak.
Anton Rodriguezek omenaldia «gustura» hartu duela dio; «urte hauetan guztietan jende asko aritu gara lanean Goierrin». De Miguelek Real Madril taldea etorriko zela jakin zuen, baina Goierri Verkolen jokatzen duen semeak ez dio «omenaldiaren sekretua» kontatu.
Zer ote du saskibaloiak hogeita hamar urte baino gehiagoan jendea lanean ipinarazteko? «Saskibaloiak bereganatu egiten zaitu, onerako», erantzun du Balentin Berriotxoak.