Albisteak
EAEko saskibaloi selekzioen txapelketa hasiko da gaur
Goierriren saskibaloi sailak antolatu du txapelketa, eta Aldiri eta Ispilla kiroldegietan jokatuko dituzte partidak.
Gaurtik aurrera, asteburu osoan zehar EAEko kadete mailako saskibaloi selekzioen arteko partidak jokatuko dituzte Urretxuko eta Zumarragako Aldiri eta Ispilla kiroldegietan. Asteazken arratsaldean egindako agerraldian txapelketaren berri eman zuten Goierri Kirol Elkarteko saskibaloi saileko kideek, Euskadiko Federazioaren lehendakari Arturo Aguadok, Gipuzkoako Federazioaren lehendakari Vicente Mozok eta Zumarragako Udaleko kirol zinegotzi Fernando Fariñasek.
Goierriren saskibaloi saileko delegatu Jon Pol Agirrek bi federazioei eskertu zien txapelketa Urretxun eta Zumarragan antolatzeko eman dieten aukera. «Gure herriotan saskibaloiak hazkunde handia bizi izan du azken denboraldietan. Aurten 180 haur, gaztetxo eta gazte ari dira jokatzen saskibaloi eskolan eta ditugun talde desberdinetan».
Goierri elkartekoek txapelketa antolatzeko aukera egon zitekeela pentsatu eta «kirol honek duen arrakasta ikusita, selekzioen arteko lehia gurera ekarri izanak oraindik kirol hau gehiago suspertzeko aukera ekarriko digu», gehitu zuen Agirrek.
Kadete mailako jokalariak
Txapelketan hamalau eta hamabost urteko jokalariek osatutako Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko selekzioek parte hartuko dute.
«Saskibaloiak Urretxura eraman izan gaitu gehiago, baina pozgarria da niretzako Zumarragako kiroldegian eta UGLEn gaur egun hiru bat talde entrenatzen ari direla esatea», esan zuen Fariñasek.
Euskadiko eta Gipuzkoako federazioetako arduradunak saskibaloia oinarrietatik sustatzearen aldeko agertu ziren.
partidak
Gaur.
-Gipuzkoa-Araba. 18:00etan, neskak (Aldiri kiroldegian).
-Gipuzkoa-Araba. 20:00etan, mutilak (Aldiri kiroldegian)
Bihar.
-Gipuzkoa-Bizkaia. 12:00etan, neskak (Ispilla kiroldegian).
-Gipuzkoa-Bizkaia. 12:00etan, mutilak (Aldiri kiroldegian).
Etzi.
-Araba-Bizkaia. 12:00etan, neskak (Ispilla kiroldegian).
-Araba-Bizkaia. 12:00etan, mutilak (Aldiri kiroldegian).